XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizon dibortziatuen zigorra Mari Ezkurdia.

Nere dibortziatu jasankorrak: ederra egin dizuete!.

Bizitza hain injustua datorkizuenez gero, zuen jarrerak ulertezintasunez beterik daudela eta honela jarraitzekotan ia-ia babesgabekoak bihurtzeko larrian zaretela ikusten duzue.

Gaixoak! Horrenbesteko sufrimenduz gain, orain gartzelarekin mehatxu egiten dizuete, gorriak ikusiko dituzuela esanez, eta guzti hau epaileak akordatzen dituen mantenusariak zuen familiei ordaintzeko prest ez zaudetelako.

Baino beno, hauxe bakarrik falta!, emakume alu horiei pentsio bat eman behar edo bestela baliteke zuen buruak atxiloturik ikustea... hori gainera!.

Jakina eta definizioz, badakigu errua emakumeena denik, hain eskergabeak bait gara!.

Gure egoismo paregabekoak ez du mugarik eta dena guregana bildu nahi dugu: seme-alabak, harategiko kontuak, eskolako errezibuak, dentistaren fakturak, argia, telefonoa, zapatak, zalapartak... hara zer astakeria!.

Ez ez honekin kontentu, zuek pentsio bat ematea eskatzen dugu, hori ere gainera!.

Gauzak gaizki samar datozkizue, adiskideok.

Legea zuekin haserre dagoela dirudi, eta ez dizkizuela gehiago zuen burlak barkatuko.

Orain arte ezin zitzaizuen behartu, baina, ikusten denez, senar gogorrenak, zabarrenak edo tranpatienak ere ordaintzeko premian egongo dira.

Ez pentsa iruzur egiterik, galdurik zaudete eta gizajoak.

Zuen tranpa guztiak ezagunak dira eta.

Edozein artez baliatzen zarete zuen guraso beharkiak ez betetzeko.

Hona irakurri dudan pasadizo arraroa: senarra, berrogeita hamarretik gorako gizona, itxura onekoa, neskatxa batez amoratu omen zen, eta bizitza nobeleskoa ikusten du aurrean, azkenean libre...!.

Emazteari azaltzen dio egia eta azkar, dena beretzat utziko diola esan: etxea, kotxea eta batez ere bost seme-alabak.

Mandatua abokatuarekin bidaltzen dio.

Emazteak, berriz, bere abokatua bidaltzen du ohar sinple batekin: Eskerrik asko, baina ez.

Guztiarekin gera zaitezke.

Dena zuretzat etxea, kotxea eta bost seme-alabak.

Orain arte bere iharduerak izan dira, baina txanda egineko ordua da.

Dudarik gabe, zure maitearen laguntzarekin oso ondo konponduko zara.

Gizona zegoen lekuan geratu zen.